viernes, 24 de enero de 2014

Jolasaren plangintza

Jolas bat planifikatzerakoan, garrantzitsua da ekintza orokor batzuk egitea, kontuan hartu behar direnak jolas-saio bat programatzeko garaian, eta hauexek dira:

􀁠 Jolasa aukeratzea. Hautaketa hainbat alderdiren araberakoa izango da, hala nola: partaideen ezaugarriak (adina, kopurua); espazioaren eta materialaren ezaugarriak; testuinguru soziokulturala; asmoa eta lortu beharreko helburuak; programazioan aplikatzen den unea eta, azkenik, partaideen esperientzia ludikoa.
􀁠 Girotzea. Giro berezia sortu beharko da, jolasera bultzatzen duten elementu motibatzaileekin; adibidez, aurpegia margotzea, mozorroak jartzea, musika erabiltzea, etab. Haurrak fantasiazko eta irudimenezko espazioan murgiltzea lortu behar da.
􀁠 Aurkezpena. Jolasaren aurkezpena nork egingo duen erabaki behar da. Leku egoki bat bilatu, partaide guztiek zertan jolastuko diren azalduko dien pertsona ikusteko moduan. Jolasa argi eta garbi azaldu, hasierako egoera, garapena eta amaiera, ahotsa gehiegi altxatu gabe. Jolasa azaltzean ordena kronologiko bati jarraitu, eta ongi adierazi hasieran edo bukaeran zein den jolasaren helburua. Beharrezkoa bada, erabili adibideak eskema grafikoekin, hobeto uler dezaten.
􀁠 Arauak barneratzea. Gehienetan, komeni da jolasaren proba bat egitea partaide guztiek arauak ulertu dituztela egiaztatzeko.
􀁠 Jolasa egitea. Ez dugu ahaztu behar haurrak direla jolasaren protagonistak. Ez dugu utzi behar jolasa aspergarri izateraino luzatzen; hobe da parte hartzen duten haurrak jarraitzeko gogoz gelditzea kontrakoa baino.
􀁠 Ebaluazioa. Jolasa ez da bukatzen begiraleak edo denborak hala erabakitzen dutenean, baizik eta jardueraren ondoren minutu batzuk proposatu behar dira jolasaren nondik norakoei buruzko hausnarketa egiteko, haurrek beren bizipen pertsonalak komenta ditzaten, horrela jolasak espero ziren helburuak bete dituen ala ez baloratu ahal izateko. Bestalde, helduak partaideen behaketa egin behar du jolasa egiten den bitartean, horrek ere jolasaren nahiz norbanakoen balorazioa egiteko jarraibideak emango baititu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario