lunes, 27 de enero de 2014

Jolasak lantzeko jarraibideak

Haurrak jolastea du berezkoa, eta helduek ez diote ezer irakatsi behar. Hain zuzen ere, hezitzaileek alor horretan duten zeregina etengabeko jarduera hori bideratzea besterik ez da, hau da, proposamenak egitea, haurrek praktikan jarri nahi izateko bezain erakargarriak.

Jolas bat lantzeko, alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

􀀹 Jolas horrekin lortu nahi diren helburuak zehaztea.
􀀹 Zer-nolako jolasa proposatu nahi den pentsatzea.
􀀹 Jolasari izena ematea.
􀀹 Adina. Jolas bat lantzean, kontuan hartu behar da jokalarien adina.
􀀹 Partaide-kopurua.
􀀹 Jolasa egiteko kalkulatzen den denbora. 
􀀹 Jolasaren azalpena:

− Hasierako egoera:
Aurkezteko modua: pasadizoa. Haurrei jolasari ekin aurretik istoriotxo bat kontatzea gustatzen zaie. Istorioak garbia eta zuzena izan behar du, gertakari historikoren edo fantastikoren batean oinarritua. Alabaina, egin nahi den jolas motaren arabera, baliteke beharrezkoa ez izatea.
Hezitzailearen zeregina: eskain dezakeen edo eskaini behar duen laguntza mota, hau da, jolasa proposatu baino lehen, hezitzaileak ongi pentsatuta eduki behar du zein izango den bere zeregina, zuzenean inplikatu behar duen ala, aitzitik, jolasa planteatu ondoren bigarren maila batera erretiratuko den.
− Jolasaren garapena: Jolasa nola egingo den azaldu behar da, nola burutuko den, zein diren lortu beharreko helburuak eta errespetatu behar diren arauak eta aginduak.
Azken horiek laburrak eta gogoratzen errazak izango dira. Arauak, haurrak txikiak direnean, minimoak izango dira; gehiegi edo zailak badira, ezin izango dute jolasa behar bezala egin, eta berehala desmotibatuko dira. Haurrek garbi eduki behar dute zer egin behar duten.
− Jolasaren amaiera: Hemen, jolasa bukatutzat emateko behar den egoera adierazi behar da.

􀀹 Jolasteko lekua.
􀀹 Jolasa burutzeko behar diren baliabide materialak.
􀀹 Irudikapen grafikoa.
􀀹 Jolasak izan litzakeen aldaerak, hainbat kolektibotarako egin litezkeen egokitzapenen arabera.
􀀹 Oharrak eta arriskuen ohartarazpenak.
􀀹 Ebaluazioa

Jolas bat lantzeko, hainbat egoera izan daitezke abiapuntu. Izan liteke:
􀀹 Jolas erabat berria sortzen saiatzea.
􀀹 Dagoen jolas bat oinarritzat hartuta beste bat lantzea. Jolasa jarraibidean azaldutako alderdiren bat aldatuz lantzen da; egoera horrek aukera batzuk eskaintzen ditu:
− Jolasaren espazioa aldatzea.
− Materialak aldatzea, baina helburua mantentzea.
− Adina aldatzea eta, beraz, horrek dakarren guztia aldatzea: hiztegia, materiala, denbora, etab.
− Helburuak aldatzea: helburuak edo helburua aldatzeak jarduera bera ere aldatzea dakar berekin. 
− Partaideen kopurua aldatzea: helduak jolasaren dinamika nola aldatu pentsatu behar du, nahi den jokalari-kopurura egokitzeko.
− Jolas mota eraldatzea: adibidez, lehiazko jolas bat edo tradizional bat lankidetza jolas izateko alda daiteke, edo jolas sexista bat, hala izan ez dadin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario